lunes, 9 de noviembre de 2009

PROMETEUS: The Media Revolution. Iruzkina

Prometeus bideoak teknologia eta aurrerakuntzen garapena eta bilakaera posible bat erakusten digu. Orain arte teknologia berriek izan edo eragin dituzten ondorio, jarrera, bizimodu, etab.-ak kontuan izanda, etorkizun posible bat planteatzen digu.
Hurbil dagoen etorkizun honetan internet bilakatzen da erdigune eta oinarri moduan. Monopolio moduan nolabait definitzearren. Beste guztia alde batera geratuko delarik: irratia, liburuak, egunkaria,telebista, telefonoa... dena izango dugu toki bakarrean. Horrelako muturreko egoera bat planteatzen da.
Egia da TTBBen inguruko mundua gero eta handiagoa ari dela egiten baina ez nuke liburuak desagertuko direnik esango. Beharbada munduko zenbait gizarte zehatzetan, hainbat gauza edo ohitura galtzera hel gaitezke; baina ez guztietan, ezta guztia ere. Nik jada ez dut eskutitzik idazten internet-posta askoz erosoagoa eta arinagoa iruditzen zaidalako; baina, aldi berean, ez horren pertsonala. Nire kasuan hori galduz noan arren, berriak-eta egunkaritik jarraitzen ditut irakurtzen.
Bideoan aipatutako digitalizazioei buruz zer esaterik ere badago. Alde batetik, argi dagoela guztia ari dela digitalizioarantza abiatzen -gu eta gure ingurua barne noski-. Baina, bestalde, badirela, nire ustez behintzat, digitalizatu ezin diren gauzak: adibidez, sentimenduak. Digitalizazio honek, beste hainbat gauzaren artean, erosotasuna dakarren aldi berean, bestelako gauza negatiboak ere badakarrela argi dagoela: hala nola, bakardadea. Internet munduko sare-sozial handiena bezala ikusi ahal den arren, txanponaren beste aurpegian kontraesan handia sortzen duen bigarren egoera batekin egin dezakegu topo: gizaki-indibiduo bakoitzaren bakardea. Isolamendua.
... imajinatu taberna bat denak internet aurrean, eta taberna telebistarik gabe, musikarik gabe... eta tabernako beste pertsonekin komunikatzeko interneta bera erabiltzea... argi dago hau ere muturreko adibidea dela, baina bideoaren moduan etorkizunaren exagerazio moduan ikusten dut. Exagerazioa bai, baina errealitatearen islada baita.
Egoera honen aurrean eskolak zer egiterik badu. Guk, irakasleok, umeei teknologiak ezagutu araztean txanponaren alde biak erakutsi behar dizkiegu. Bai alde onak, zein txarrak. Eta batez ere txarrak dira nire iritziz argien geratu behar zaizkienak: izan ere, haur gehienei deigarri eta interesatea iruditzen zaie mundu hau eta zaleak izan ohi dira pantailen aurrean orduak igarotzera. Hau ekiditzeko, pantailaren -ordenagilua, telebista, bideo-jokoak...- aurrean igarotako orduak mugatzea egoki ikusiko nuke. Modu honetan, ohitura txarrak sahiestuz eta onak barnearaziz gaurko, atzoko eta biharko gauzekin batera aurrera egitea izango dugu. Azken finean, aurrerakuntza, teknologien nagusitzea baino, gure betiko ohituretan edota bizimoduan -gure munduan- on izango dugun zeozer berria txertatzea izango litzateke -internet, TTBB-; eta ez ordea bideoan aurkezten zaiguna: TTBBetatik mundu berri bat sortu betiko gauzak txertatuz.


No hay comentarios:

Publicar un comentario